Web edukia bistaratu
Berdintasunaren aldeko konpromisoa
HAURRESKOLAK PARTZUERGOAREN ZUZENDARITZA BATZORDEAK EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA BULTZATZEKO KONPROMISOA DU
Horren harira, funtsezkoa da Haurreskolak Partzuergoaren berezko hiru esparru aipatzea. Lehenbizikoa, hezkuntza-esparrua da. Familiekin elkarlanean eta prestakuntzaren eta gizarteratzearen bidez haurren garapen osoa bultzatzea da esparru horren helburua, betiere, haurren eskubide eta ongizate psikofisikoa errespetatuz eta haien gaitasun guztiak garatzearen ikuspegitik.
Horri lotuta, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak honako hauek ditu helburu, besteak beste: ikasleen nortasuna eta gaitasun afektiboak guztiz garatzea, oinarrizko eskubideak eta askatasunak errespetatzea eta gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna oinarri dituen heziketa ematea, aniztasun afektibo-sexuala onartzea eta desberdintasunak era kritikoan balioestea, jarrera sexistak alde batera utz ditzaten.
Hori dela-eta, Haurreskolak Partzuergoak ezagutzak, balioak eta jarrerak transmititu nahi dizkio eskola-komunitate osoari, pertsona orok aukera izan dezan nork bere nortasuna guztiz garatzeko, horrek lagunduko dio eta gizartean modu arduratsuan integratzen, inolako bereizkeriarik gabe.
Esparru sozialean Haurreskolak Partzuergoak bi urtetik beherako haurrak zaindu eta haiei arreta emateko zerbitzua eskaintzen die familiei, familia eta lana bateratzen laguntzeko zerbitzu gisa.
Azkenik, hirugarren esparrua Partzuergoko langileen barne kudeaketari loturikoa da, izan ere, emakumezkoek eta gizonezkoek tratamendu eta aukera berberak izatea da erakundearen helburua.